Kaixo!
Elkarren artean desberdinak gara, oso, baina bereziki ondo moldatzen gara. Ondoko bulegoko lagunei galdetuz gero, egun osoa barrezka ari garela esango dute, ziur; eta arrazoi dute. Umorerik gabe, baina, ez ginateke hain fin arituko lanean.
Egia esan, beti falta izan zaigu geure burua aurkezteko denbora, energia guztia bezeroen proiektuetara bideratzen baitugu. Ahalegin handia egiten dugu haien kontakizuna sortzeko, hau da, proiektu bakoitzaren esentzia eta bertuteak atzeman eta hitz zein irudi bitartez adierazteko.
Erronkaz erronka mugitzeak asko ikasteko aukera eman digu urteetan zehar, bai arlo profesionalean bai pertsonalean. Beraz, lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkiegu bidelagun ditugun dozenaka bezeroei, hainbeste motibatzen gaituzten “herenegunerako” lan horiek eskatzeagatik.
Sintesiaren alde gaude; beharrezkoak ez diren elementuetatik ihes egiten dugu. Izan ere, gure “ukitu berezi” eta nortasun-ezaugarri bitxiak alde batera utzita, jende xumea gara funtsean. Hurbileko tratua gustatzen zaigu, baita gauzak oso ondo egitea ere. Ahal den emaitza onena lortzen saiatzen gara, nahiz eta batzuetan esfortzuak lo eta aisialdi orduak lapurtu.
Baina xumetasuna gustatu arren, gure lana ez da batere sinplea. Zorionez, zainetan daramagu egonezinaren genea eta diziplina anitzak uztartzeko zaletasuna. Neurri batean, jaiotzetik genekarren, baina, egia esan, munduak horrela egin gaitu.
Maider, Sara, Nagore, Amaiur, Izas eta Aitor gara, eta Jon, Pablo eta Mikel bezalako kolaboratzaileak ere familiatzat hartzen ditugu, proiektu askotan behar ditugun ikuspegi eta lan espezializatua ematen baitizkigute.